XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina 1919an zortzi orduko egun-lana legez eskuratu zuten, eta hortik gora lan egiten zuenari harrika ere egin omen zitzaion, orduko sozialista kontzientziatuengan ez bait zen nonbait onartzen gizonaren lan-neurria zortzi ordutatik gora izan zitekeenik eta, noski, langilearen eskubideen artean zortzi ordu bururen lan-aldiari zegokion alokairu justua eskatzen zuten.

Desekilibrio bat sortzen zenean, Sindikatoen bultzadaz ez zen ugazaben injustizia bat onartzen eta, behar baldin bazen, oporketan jartzen zen langileria.

Sozialista hauen mugimendua, Eibarren bederen, euskalduna zen osoki.

Baserriko seme asko eta asko ere bazen tartean eta erdaldun bakanen bat edo beste kendurik, denak kaleko euskaldun eta baserritik jaitsitakoek osatzen zuten Centro Obrero bitartez U.G.T.ko elkartasuna.

Jakina, zenbaitek ez zekien tutik ere erderaz.

Luis Madinabeitia sendagilea eta Santi Meabe (Tomasen anaia) P.N.V.tik sozialismo elkartera etorriak edo aldatuak genituen eta horren arrazoia erraza bide zen, zera, PNVk ez zuela sozialismoak zedukan bezala langileriaren alderako sozial egitarau sakonik.

Elkarte honen euskalduntasunaren berri Toribiok eman digu bere azken urteetan Eibarko euskararen inguru egin dituen azterketa eta lan sakonak bide direla.

Baina baita ere edesten digu, Madinabeitia sendagileak esaten omen zuela Gernikako Arbola zortzikoa euskaldun sozialisten kanta internazionala izan behar zukeela, horren eder, esankor eta maitagarri bait zitzaien guziei.

Berezko haien euskalduntasunak ez zuen, halare, euskal zaletasunik lantzen, euskaldunak izanik hain zuzen, horixe ziren-eta izatez, euskaldun hutsak, besterik gabe.

Euskal abertzaletasunak aitzitik zekarren euskararenganako eta euskal herri baloreen alderako ekintza nahirik ez zen internazional zeritzaten sozialista horien artean, bat edo beste kenduez gero.

Euskaltzalerik, Toribio bera zen, bere azken urteetan batez ere.